Skip to main content

Illaragorriko itzulia ibilbidea

inaxio·k

2006/05/01 - 21:56

Mapako edukiak aukeratu

Zein eduki erakutsi










Edukia erantsi

Zer erantsi nahi duzu?

Klikatu orain maparen gainean, kokapena adierazteko. Mapan klikatutakoan beste leiho batean zabalduko da sarrera berria osatzeko orria.

Near targets

Abiapuntua
Lezea
Zailtasuna
Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua
1300 m
Eskema
Lezea - Olano - Arbarrain - Atabarrate - Umandia - Albeiz - Lezea.
Luzera
14.00 km
Iraupena
8 ordu
Lurraldea

Lezea da abiapuntua. Lezera heltzeko errepidea Egino eta Ilarduia arteko errepidetik abiatzen da, Ilarduiatik 500 bat m-ra. Aisigune zabala hedatzen da Lezearen ahoaren inguruan eta aparkatzeko leku ugari dago.

Leizeari bisita egin eta haren ezkerraldetik gora egin behar dugu, hormaren oinetik. Laster topatuko dugu horma berean egindako ebaki bertikal bat, eta haren aldamenean, harrian gora abiatzen den bidea, alanbre batez lagunduta. Alanbreari jarraituz igoko ditugu lehenengo metroak, amildegiaren ertzetik, eta menditik behera datorren hodiarekin egingo dugu topo aurrerago. Bideak hodiaren aldamenetik egiten du gora zenbait metrotan, baina goraxeago bereizi eta Ekialdeko norabidea hartzen du, sastrakadian barrena, eremu irekiago batera heltzeko geroago. Arretaz jarraitu behar da bidea, izan ere arrasto ugari dago aldapa horretan eta ez da marka nabarmenik ageri (2006-5-1). Ekialdeko joerarekin jarraitzen du bideak puska batean, sigi-saga tarte batean, gero aldapa leundu eta halako batean Iparraldeko joera hartuz berriro aldapari ekiten dion arte, gandorraren bila. Koloxkako ertza baino metro batzuk gorako heltzen da gandorrera (Koloxka Lezearen beste aldeko sarreraren gainean dagoen amildegiaren ertz zorrotza da, kontuz ibiltzeko lekua), eta zailtasunik gabe jarraitzen du gandorra Ekialdera, harri eta sastraka artean. Horrela helduko gara Olanoko tontorrera.

Igoerako norabide bera jarraituz beste aldetik jaitsiko gara, bidez kanpo baina zailtasun handirik gabe, eta nahi izanez gero aurreko muino harritsura igo gaitezke, Olanoko haitz txikira. Handik Iparraldera jo eta hango larre eremu zabala zeharkatuz, IEko norabidea hartuko dugu, Arbarrain aldera. Harri borobil eta zenbait putzuz inguratutako pista zabal bat topatuko dugu han: hark eramango gaitu Arbarraingo bizkarrean gora. Antena handi baten instalazioa dauka honek gainean, eta zenbait buzoi.

Tarteka marka zuri-gorriak dituen alanbre hesi bat abiatzen da han antena instalazioaren aldamenetik Mendebaldera, alde batean pinuak eta bestean pagoak dituela. Hari jarraitu behar diogu km batez, pagadian sartu eta aldapa nabarmen batean behera jaitsita (alanbre hesia eta ehiza postuen aldamenetik), pista zabal batekin topo egin arte. Mendebaldera jarraituko dugu, pistan barrena, marka zuri-gorriei jarraituz, beste km bat inguru. Halako batean pista pinudi batera heldu eta aldapan behera abiatzen da: ERNE!, pista utzi eta marka zuri-gorriei jarraitu behar diegu guk, ehiza postuen lerroaren aldamenetik. Horrela helduko gara beste lepo nabarmen batera, 5 min aurrerago. Han berriro ere Mendebaldera jotzen duen pista nabarmenari ekin behar diogu, mendiaren bizkarra zeharka saihestuz, marka zuri-gorriek erakusten duten bezala. Pista honek Umandiaren Iparraldeko isurialdea zeharkatzen du beste km batez, baina gero Iparraldera jotzen du. ERNE! Pista aldaparik gabeko eremu batean sartzen denean laster marka zuri-gorriak pistatik bereizi eta Atabarrateko lepoaren bila abiatzen den bide zahar bat erakusten dute. Atabarrateko lepora helduz gero, ezkerreko bizkarrean gora jarraitu besterik ez dago, bidez kanpo (ehiztarien arrastoak jarraitzea aski da), tontorreraino.

Umandiako gandorra jarraituz Ekialdera joko dugu hasieran, eta HEra gero, aldapa samurrena bilatuz (ehiza postuak). Tarte hau nahasi xamarra da, komeni da iparrorratza edo GPSaren laguntza. Gandorrari jarraitu badiogu, HEko muturrera helduko gara, eta han bidezidor polit batek eramango gaitu beheko pista zabalera. Albeizen bizkarrean gora egitea aski dugu, pinudian barrena, monolitoak aurrerago topatzeko. Handik tontorra bertan gelditzen da.

Artxipiko erreka-zokora jaitsi behar dugu handik. Errazena monolitoen ingurura berriro jaitsi eta han ote arteko bide arrastoak jarraituz jaistea da, baina ez dago bide nabarmenik. Arreta pixka bat jarri behar da erreka-zokora heltzean, izan ere arrastoak han elkartzen dira aitzartea pasatzeko, baina ez zokotik, metro batzuk gorago baino, errekastoaren beste aldetik (leize baten gainetik). Aitzarte hori pasa eta gero harrizko bidezidor batek eramango gaitu erreka-zokotik behera (harripilaz markatuta dago bide osoa) tarte luze batean, trabeskatutako bide arrasto nabarmen batera heldu arte. Bide arrasto nabarmen horrek erreka-zokotik atera eta Ekialdera eramango gaitu, artadian barrena (adi oraindik harripilei). Bide nabarmenago batera eramango gaitu beherago, eta honek, Hegoaldera. Soiluneak agertzen hasiko dira eta horietako batean (ERNE!), Ekialdera jotzen duen lurrezko pista bat topatuko dugu. Horrek eramango gaitu, hariztian barrena, Lezeko aisigunera.

Bidean ikusi beharrekoak
Arrastoa
Oharrak
Tarte batzuetan bidez kanpo, baina gainontzean nahiko txukun gelditu dela esango nuke.

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi