Skip to main content

Aramaioko mendietan zehar ibilbidea

Jose·k

2005/12/03 - 12:59

Abiapuntua
Udala
Zailtasuna
Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua
725 m
Eskema
Udala - Besaide - Teilamendi - Ipiztekoarriaga - Zabalaundi - Ipizte - Ipiztekoarriaga - Besaide - Udala
Luzera
17.50 km
Iraupena
5 ordu
Lurraldea

Ipiztera joateko bide laburragoak badauden arren, Udalaitz eta Anbotoren artean kokatuta dauden Aramaioko mendiak ezagutzeko aukera ematen digu ibilaldi honek, eta bide batez, aipatutako bi mendiok ikuspuntu ezberdinetatik begiratuko ditugu. Joan-etorriko ibilaldi bat izan arren itzulerako tarte batzuk eztira joaterakoan jarraituko ditugun berak izango.

UDALA (500 m.)

Udala auzuneko aparkalekutik hasiko dugu ibilaldia. Udalara iristen den errepidean behera egingo dugu zertxobait, 300 metro gutxi gora-behera. Errepideak ezkerretara bihurgune itxi bat hartzen duen tokian bidegurutze bat dago. Gatozen norabidean aurrera egiten badugu San Esteban elizaren inguruan dauden baserri multzo batetara joango gara. Eskuineko bidea da guk hartu behar duguna. "Besaide" hitzarekin seinale bat dago bertan.

Bide honek aipatutako baserriak eta eliza gainaldetik pasatzen ditu. Bidegurutze bakanetan lagun gaitzaten marka zuri-horiak eta seinaleak daude. Beti bide nagusitik jarraituko dugu, gora-behera txikiekin, pinudietan zehar.

BESAIDE (555 m.; 45')

Besaide iturrira iritsiko gara. Gure ezkerrean, hegoaldean, muino baten gainean, mendian hildako mendizaleen omenez jarritako monumentu zaharra ikus dezakegu. Muino honetan Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba elkartzen dira. Bere atzean, lepo batetan monumentu berria dago.

Bi aukera ditugu, lehenengo monumentu zaharrera igo eta ondoren berrira jaistea, edo muino hau eskuinaldetik inguratzen duen bidetik zuzenean monumentu berrira joatea.

Besaidetik ikuspegi ederretaz goza dezakegu. Udalaitz eta Anboto zoragarri ikusten dira. Gure ibilaldiren helburu den Ipizte ere ondo ikusten da Anbotoren ezkerrean.

Hegoalderantz jarraituko dugu. Bideak gorantz egiten du poliki-poliki. Muino txiki bat ezkerretik inguratzen du, eta handiagoa den beste bat eskuinetik. Bigarren honek Larrabil du izena eta buzoi bat du. Hau inguratzen bukatu aurretik bidea lautu egiten da eta zertxobait behera ere egiten du lepo batetara iritsi arte (595 m.; 1h05').

Lepo honetan bidegurutze bat aurkituko dugu. Besaidetik honaino GR 121 (Gipuzkoako Bira) eta GR 123 (Bizkaiko Bira) jarraitzen etorri gara. Bidegurutze honetan bi ibilbideak banatu egiten dira. GR 121ak ezkerrera egiten du Santa Agedara jaisteko. Guk GR 123 jarraituko dugu.

Ondorengo muinoa ezkerretik inguratu ondoren Angel Kusti lepora iritsiko gara (640 m.; 1h13'). Aterpe bat dago bertan. GR 123ak aterpearen ezkerretik doan bidea jarraitzen du, Teilamendiren ipar-mendebaldeko magala zeharkatuz Ipiztekoarriaga lepora joateko. Guk aurrena Teilamendi igo nahi dugunez zuzen gora egingo dugu, hegoalderantz. Pagadian sartuko gara berehala.

Aldapa gogor baina labur baten ondoren basotik irten eta Lurgorri izena duen haitzezko tontor batetara iritsiko gara (785 m.; 1h25'). Teilamendi begi bistan dugu, hego-mendebaldean. Bertara joateko bi tontorren arteko hegia jarraitu besterik ez dugu egin behar.

TEILAMENDI (835 m.; 1h30')

Ipizte erreferentzia bezala hartuta ipar-mendebaldeko gandorretik jaitsiko gara. Hasieran bidezidor bat baino ezta, ezkerreko garo-saila eta eskuineko pagadiaren artean. Aurrerago pagaditik zertxobait urruntzen da, baina beti norabide bera jarraituz. Aldapa gehiena jaitsi dugunean, lepo batetara iritsiko gara. Ezkerretik eta eskuinetik bide bana elkartuko zaizkigu. Ezkerrekoa Aramaiotik dator. Eskuinekoa Angel Kusti lepotik datorren bidea da, GR 123 alegia. Adi bidegurutze honekin zeren bueltan eskuineko bide hau hartuko baitugu Teilamendi berriz igotzea ekiditeko.

Zuzen jarraituko dugu, orain artekoa baino bide hobean, aldapan behera bi pinudiren artean. Eskuinaldean Amilondo izena duen buzoidun tontor apal bat uzten hari gara.

IPIZTEKOARRIAGA (725 m.; 1h40')

Txabola baten ondotik igaro eta lepo zabal batetara jaitsiko gara, Ipiztekoarriaga. Ipiztekoarria hilarria aurkituko dugu bertan bidearen eskuinaldean. Lepo honetan bide asko elkartzen dira. Dakargun norabide beretik jarraituko dugu guk, Ipizterantz. Zertxobait aurrerago beste lepo txiki batera iritsiko gara. Pinudi bat zehartu ondoren eremu irekira irtengo gara.

Bi aukera ditugu. Belardun aldapa batetik gora igo, edo Ipiztekoarriagatik hona ekarri gaituen hartxintxarrezko bidea jarraitu. Batetik zein bestetik aipatutako aldaparen goialdera iritsiko gara, zeren hartxintxarrezko bideak, hasieran ezkerrera jotzen badu ere, bidegurutze batetan eskuineko bidea hartuz gero eskuinera jiratzen baitu.

Ipizteren ekialdeko ertzean gaude, eta hemendik nahiko zuzen igo badaiteke ere, iparraldetik inguratuko dugu Zabalaundi lepora joan eta ipar-mendebaldetik igotzeko. Jaisterakoan ordea alde honetatik jaitsiko gara.

Bidea jarraituz, laster eskuinaldera bidezidor bat irteten dela ikusiko dugu. Bide honek Andastora eta Arrazolara eraman gaitzake. Baina guk ez diogu jaramonik egingo.

ZABALAUNDI (880 m.; 2h10')

Laster Zabalaundi lepora iritsiko gara. Anboto eta Ipizteren artean kokatuta, Anbotoren ikuspegi ederrenetako batetaz gozatzeko aukera ematen digu, hegoaldeko pareta. Bi aterpe daude. Bat gu ekarri gaituen bidearen gainean, eta bestea Urkiolarantz doan bidearen azpian, pago artean ezkutatuta. Iturri bat ere badago inguruan.

Ipiztera begira jarrita, zuzen zertxobait eskuinera eginez zelaian gora egingo dugu. Zelaigunearen punturik altuenera joango gara. Eskuinaldean alanbre-hesi bat ikusiko dugu. Bere ondotik gora jarraituko dugu pagadian sartuz. Hesiak eskuinera jiratzen duenean guk zuzen jarraituko dugu metro batzuk, eta gero eskuinera aurrez aurre ditugun haitzen barrenetik. Baliteke lehenengo begiratuan ez ikustea, baina arretaz begiratuz gero bidetxo bat dagoela ikusiko dugu, marka horiekin eta harri-pilekin adierazita.

Laster, basotik irten eta haitz handi bat aurkituko dugu gure aurrean, eta honen ezkerrean belarrezko kanal aldapatsu bat. Kanal honetatik gora egingo dugu sigi-saga. Basoan sartuko gara berriz. Baliteke zati honetan dudak izatea bidea ez baita oso garbi antzematen. Marka horiak jarraituz gorantz jarraituko dugu zuzen-zuzen.

IPIZTE (1062 m.; 2h35')

Bat-batean aldapa bukatu, eta sakonune txiki baten ertzean agertuko gara. Pago eta haitzez inguratutako belarrezko soilgune bat da. Sakonunea zeharkatu eta parean ditugun haitzak igoko ditugu Ipizteren gandorrera iritsiz. Tontorra gure ezkerrean dago pagoen artean ezkutatuta.

Lehentxeago aipatu den bezala ez gara igotako bide beretik jaitsiko. Ipar-ekialderantz beherantz begiratzen badugu, marka horiak daudela ikusiko dugu. Marka hauek jarraituko ditugu, basoan zehar, jaitsiera aldatsuan. Basotik irtetean aldapa gutxitu egiten da. Tarte batean ez dago marka horirik eta ezta bide garbirik ere. Ipar-ekialde norabidean luzatzen den bizkarretik jaisten jarraituko dugu. Berriz bidea aurkitzen dugunean, haitzarte bat zeharkatuko dugu, eta ondoren basoa tarte labur batez. Basotik irteten garenean eskuinera jiratuko dugu. Aldapa labur bat jaitsi eta Ipiztekoarriagatik Zabalaundira eraman gaituen bidearekin egingo dugu tope (2h55'). Bide hau jarraituz Ipiztekoarriagara jaitsiko gara.

IPIZTEKOARRIAGA (725 m.; 3h10')

Teilamendirantz jarraituko dugu ondorengo bidegurutzera iritsi arte. Lehen esan bezala, Teilamendira igo beharrean ezkerretik inguratuko dugu. Horretarako, GR 123aren marka zuri-gorriak jarraituz ezkerreko bidea hartuko dugu. Bide honek Teilamendiren ipar-mendebaldeko magaleko pagadia zeharkatzen du, poliki-poliki altuera galduz, Angel Kusti lepora iritsi arte (3h25’).

Goranzkoan jarraitu ditugun bideetatik Besaidera jaitsiko gara (3h45’) lehenengo eta Udalara azkenik ibilaldiari bukaera emanez (4h30’).

Bidean ikusi beharrekoak

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi