Skip to main content

Mendi berriak gehitzeko argibideak

inaxio·k

2005/10/23 - 22:15

Oinarria

Hemen jasotako mendi zerrendaren oinarria Euskal Herriko Mendi Federakundeak argitaratutako Mendien Katalogoan datza. Bisitari eta kideen artean gehitu dira beste hainbat, Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak, eta beste asko gehitzea espero dut, denbora pasa ahala. Baina, nola erabaki zein gehitu eta zein ez?

Zein mendi

Mendi berri bat eransteko egokitasuna mendi horrek gainontzeko mendizaleentzat izan dezakeen interesean datza: halako tontorrak edo inguruneak ezagutzea merezi duela uste baduzu, erantsi besterik ez duzu; baina ez da aski izena eta koordenadak ematearekin, proposamena aintzat hartzea nahi baduzu, dagokion orria ere osatu beharko duzu, proposatutako mendia aurkeztuz, argazkiak erantsiz, e.a. Kontua ez da mendiak zerrenda batean pilatzea, bisitari eta ibiltariarentzat era egoki batean aurkeztea baino.

Batzuetan gertatzen da tontorrak pilatzeko grina horrekin elkarrengandik oso gertu dauden tontorrak ere bereizita jaso nahi izaten direla: Aketegi, Aitxuri eta Aizkorri esaterako, Elorreta eta Kurutzebarri, Kakueta, Xoxote eta Erlo (gertatuak aipatzearren). Irizpidea elkarrengandik oso gertu dauden tontorrak bateratuta jasotzea da, izan ere gehienetan abiapuntu, ibilbide eta argazki berak dira bietarako egoki.

Izena

Arreta jar ezazue mendiaren izenean, egon litezkeen aukeren artean egokiena aukeratzean. Mendien Katalogoan ageri direnak Euskaltzaindiak erabakitakoak dira eta pisuzko arrazoirik izan ezean hala jasoko dira. Halere, mendia bilatzen laguntzeko batik bat, komeni da aldaera guztiak ere jasotzea: horretarako dago 'bestelako izenak' eremua. Izenaren inguruko komentariorik egin nahi izanez gero, komentarioen atala erabili.

Altuera

Altuera datu garrantzitsua da, baina ez da izaten uste bezain datu zehatza, gorabeherak egon daitezke erabilitako iturriaren arabera. GPSak ere ez dira, oraingoz, erabakiorrak puntu honetan, ez baitute plano horizontalean bezainbesteko doitasunik gora-beheran.

Kokapena

Kokapena Europako 50 Datum-ean oinarrituta dago, inguru hauetako kartografia ere hala tajututa dagoelako. GPSak ordea, oro har, WGS sistema erabiltzen du eta bien artean metro askotako aldea egon daiteke. Hemengo datuekin bat egin nahi baduzu, konfiguratu ezazu zeure GPS hargailua Europako Datum-a erabiltzeko. Koordenadak, ahal dela, UTM formatoan sartu, ez baitut lortu oraindik nahi besteko doitasuna Long./Lat. konbertsioan.

Inguruko orriak

Mendi jakin baten orrian webgunean jasotako beste orriren baten aipamena egin nahi baduzu, sar ezazu bere IDa atal horretan.

982 klik