Mendi honetara igotzeko aukeratu dugun bidea, Fabreges laku edo urtegitik hasten dena da (1250 m). Leku honetatik baita ere abiatzen da, Artousteko trentxoan ibiltzeko hartu behar den telekabina. Bertara iristeko, Larunsdik (Bearne, Frantzia) Portaleteko mendatean gora, Sallent de Gállegora doan errepidetik abiatuko gara. Lakura iristean, beste aldera igaroko gara bere goi-aldetik, eta telekabina hasten den lekurantz, errepidea elur jauzietatik babesteko egindako aterpe/tunelera iristear gaudenean, Lurienera igotzeko hartu behar den bidea markatuz, zutointxoa ikusiko dugu.